Deskargak

alteretaego

alteretaego has written 88 posts for alter eta ego

Gela ilun baten…

Argazkia: Kolore berria: urdin jaia
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: 120mm-ko filma
Neurria: 2456×2456 px (1:1)
Sortze data: 2012/09/09
Latitudea: 43º 25,175´ N
Longitudea: 2º 43,519´ W
Kamera: Holga 120 CFN
Objektiboa: Holga 60 mm F8-11
Distantzia fokala: 60mm
Irekidura: f8
Esposizio denbora: 1/125″
Sentikortasun eskala: 400 ASA
Flasha:

Oharrak: argazki-kamera lomografikoaz ateratako fotograma bi, film berean gainjarrita.

Alter dixit.

Gela ilun baten nago,
bulto bat dago harago:
egin dut berriz! Zertako baina
horrenbeste trago…
Ez dut edango gehiago,
gaurkoarekin akabo:
kalte egiten dit urak niri
hotzegi badago!

Argirik ez da etxean,
ta izarak altxatzean
pijama faltan bota dut kolpez,
sostenan antzean.
Mobilan flasha jartzean…
lotsa damuan atzean:
ileko goma daukat gerrian,
tanga mototsean.

Gosea eta jangura,
nahaste txarren batura…
ondo pentsatuz: ilunegia
zen atzoko ura!

Ez dakit oso seguru
atzo non egon ginen gu:
behe-lainoa sartu zen eta
hortxe jarraitzen du.
Striptease baten testigu
izan nintzen… artaburu!
Barra gaineko neskak eta nik
izen bera dugu!

Alferrik arreske egon
alfa arrik ez zen inon,
ta bapatean zigarro bila
Arkaitz edo Ibon.
“Surik ba al duzu, bonbon?”
“zuretzat bai” esan nion:
ondo pentsata, hoba nukeen
metxeroa emon.

Gosea eta jangura,
nahaste txarren batura…
ondo pentsatuz: ilunegia
zen atzoko ura!

Bigarren ikuskapenak
baieztatu susmo denak:
ezpainak barrez ikusten ditut,
gorri aldamenak.
Gauez kendu nituenak
batzeko diost barrenak:
zurrunga artetik alde egin eta
akabo problemak.

“Amak baleki!” esanik,
bultoa han utzi dut nik:
goiz-argiari, sala ez nazan,
izkin egin nahirik.
Banoa azkar hemendik
konpromiso bat harturik:
ez dut gehiago izotzarekin
nahastuko urik.

Ego dixi.

Ai, geure Dolosti…

Argazkia: Dolosti
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3586×1536 px (7:3)
Sortze data: 2014/07/09
Latitudea: 43º 19,710´ N
Longitudea: 1º 58,303´ W
Kamera: ip4s
Objektiboa:
Distantzia fokala: 35mm
Irekidura: f2,4
Esposizio denbora: 1/2900″
Sentikortasun eskala: 50 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Kontu ezaguna da Carmen Collares Donostiara agertzen zen bakoitzean herriko bitxitegiek euren ateak ixten zituztela. Maite zutelako ematen zizkiotela dendari haiek oparitan sinetsita hilko zen bera, ziurrenik, baina guk badakigu erregimenaren esku beltza zegoela kontu haren guztiaren atzean. Dendari gizajoek kalte-ordainetarako funts bat ere bazuten, gaur ez zait niri tokatu baina agian hurrengoan bai pentsatuta.

Baina bada, Donostiak urteen joanean izan dituen bisitari ospetsuen artean, Carmenen patroi beretik egindako beste bat ere, haren egonaldiak horrenbesteko sona izan ez duen arren: Heinrich Himmler. Urrian beteko dira 74 urte egun hartatik, zenbait komunikabidek egunotan gogora ekarri duten bezala. Horren harira otu zait, ezkutuan gehiago gorde ezinda, garai hartako pasarte bat argitara ekartzea.

Lagun dut Igeldoko egungo farozaina, eta sarritan joan natzaio bisitan, ilunabarraz gozatzeko aitzakian, itsasargiko linternara igo eta, patxadan, gintonik bana hartzeko, bide batez. Duela pare bat urte egin zidan gonbiteak, baina, hasiera-hasieratik zuen desberdina izango zenaren tankera, hitzordua adosteko deia jaso nuen une beretik.

Farozainen lanak, kanpotik begiratuta antzeman dakiokeen puntu bukoliko eta mistikoaz haratago, eraikinaren mantenuaz arduratzea ere hartzen du bere baitan. Eta egun hartan, kortesiazko agurren ondotik, zuzenean eraman ninduen linternara igotzeko bide bakarra diren eskaileretan gora. Biderdian edo, erdi solte ageri zen hormako harri bat mugitu zuen, nire harridurarako.

Schutzstaffel-etako (SS) komandantea eta azken soluzioaren ideologoa izan zen Heinrich Himmlerrek 1940ko urrian bisitatu zuen, dakigula behintzat, itsasargia. Hitlerrek eta Francok Hendaian ospatu behar zuten bileraren segurtasunaren arduraduna zen, eta zenbait egun lehenagotik ibili zen lurralde hauetan, suposatzekoa den moduan, bertokoen loreak jasotzeaz gain, bidea urratzeko.

Badirudi, bisitaldian zehar, garai hartako farozaina zenaren alaba ezagutu zuela. Eta ez hori bakarrik, atentzioa ere eman zion neska koskor hark, hari zuzendutako gutunak baitziren harriaren atzean ezkutatzen zirenak.

Egun hartan, salbuespen bat eginez, gintonik gabe geratu ginen, ingelesez idatzitako gutunak aztertzen ilunabarrak ere ihes egin zigularik; Google-en egindako kontaezinezko bilaketengatik ordeztu genuen. Ez zirudien bien artean beste munduko ezer gertatu zenik: gutun bidez soilik eraiki daitekeen erdi ezkutuko maitasun baten zantzuak antzematen ziren nonahi. Zure Heini bezala agurtzen zitzaion lauretan, Nazi Alderdiko 42.404 kidea notatxoa jarriz sinaduraren azpian.

Aurkikuntza hura, auskalo zergatik, isilpean mantentzea erabaki genuen. Gaurkoan, auskalo zergatik, ituna hautsi dudan arte. Berak, itunaren beste partea behintzat, ondo bete zuen: gutunak bere horretan utzi eta, porlan apur baten laguntzarekin, solte zegoen harria beste urte andana baterako ondo itsatsi zuen hormara. Beste kontu bat da gutunekin batera zegoen egurrezko edalontziarekin egin genuena.

Bizi zen artean ongi jagon zezan eskatu zion Heinik gutunen hartzaileari. Niri, gustatu egin zitzaidan eta ea oroigarri gisa eraman nezakeen galdetu nion; berak baietz. Gerora jakin izan dut 1940ko urri hartan Montserrat ere bisitatu zuela Himmlerrek, Grial Santua delakoaren inguruko kontu batzuk tarteko.

Kontatu dudana kontatu arren, edalontzia non dagoen ez dut sekula aitortuko, Himmlerrek neskato hari luzatu zion eskaria niregain hartuz. Hori bai, egarria sortzen dit historia kontuak aipatzeak: banoa ur-tragoxka bat hartzera…

Ego dixi.

Kutxabank

Argazkia: Wild, asko gutsut
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 640×480 px (4:3)
Sortze data: 2012/05/12
Latitudea: 43º 19,408´ N
Longitudea: 1º 58,760´ W
Kamera: Sony Ericsson Xperia Arc S (LT18i)
Objektiboa:
Distantzia fokala:
Irekidura:
Esposizio denbora:
Sentikortasun eskala:
Flasha:

Alter dixit.

Geroz eta gustukoago dut arte erakusketak bisitatzera joatea. Artea baita, beharbada, eta futbolarekin batera, gaiaz ezer jakin gabe, edo oso gutxi jakinda behintzat, gure gogoeta propioak lasai asko plazaratzeko aukera ematen duen gaietako bat.

Artea, gainera, sinpleagoa da: nahikoa da gure argudioa gustatzen zait edo ez zait gustatzen batekin bukatzea. Artista askok euren ikuspuntua dogma bezala ezartzeko nahia konpultsiboki azaltzen duten arren, azken finean, horretarako egina baitago artea: gozatu eta, ditugun ezagupenekin edo eurok gabe, bakoitzak bere erara interpretatzeko.

Horregatik aurkitzen naiz hain jokoz kanpo, aspaldi honetan, bolo-bolo dabilen eztabaidaren inguruan nire iritzia eman ezinda: Kutxabank.

Informazioa, edozein gairen ingurukoa delarik ere, partzialki iristen zaigu eta, gainera, ausartuko nintzateke esatera, hala behar du. Dena egina ematen digutenean, besterik ezean, errezeloa sortu ohi zait. Horregatik izaten dut nahiago gai baten inguruan alderdi desberdinek diotena bildu, zentrifugatzaile batean sartu, eta nire ondorioak ateratzea. Aitortu behar dut, hala ere, Kutxabanken aferan ez naizela hori egiteko gai izan, orain arte behintzat.

Hain intoxikatuta ari da heltzen komunikabideetara edo sare sozialetara kontu honen inguruko informazio guztia, ez naizela gauza informazioaren muinera iristeko. Mundu guztia ari da bere argudioak emanez: alderdi politikoak, sindikatuak, laugarren pisuko auzokidea… Baina ekonomialarien hausnarketak, orain arte, bi baino ez zaizkit heldu. Eta bat Mario Fernandez-ena izan da, Groucho Marx-ek esango lukeen bezala, la parte contratante de la primera parte

Bizitzaren puntu honetan, erratuta egon naitekeen arren, ez naiz inortaz fio. Are gutxiago batzuei eta besteei, euren ikuspuntua azaltzen hasi aurretik, egiaren (edo gezurraren) parte bat baino ez direla esaten ari antzematen diedanean.

Ez dut argudiorik pribatizazioa ona den ala ez epaitzeko, ez eta pribatizazioa baten aurrean gauden ala ez esateko. Ez dut argudiorik kutxek bete duten gizarte arloko lana kolokan dagoen ala ez epaitzeko, ez eta gizarte arloko lan hori oraindik bizirik ote dagoen esateko. Ez dut argudiorik, laburbilduz, gertatzear dagoenaren alde ala kontra nagoen erabakitzeko.

Ziur dakidan bakarra da, gure sasoian, jaiotzen ginenerako, atxitxek eta amumak kontu bat irekitzen zigutela garai hartan Caja de Ahorros Vizcaína edo Caja de Ahorros Municipal de Bilbao zirenetan. Uste dut, gainera, sasoi hartan 100 pezeta ingresatzen zizkigula kutxak berak; duela lau urte eta piko adur-zapi bat ekartzera etorri zen klinikara neska atsegin bat.

Ziur dakidan bakarra da, gure sasoian, koskortzen hasten ginenerako, Sukarrietako kolonietan egonaldiak egiteko aukeraz gozatzen genuela. Gaur eguneko umeak aisialdi kanpusetan eman behar dute izena. Hemen bai pribatizatu dela, erabat, negozioa eta inork ez du bere ahotsa horren aurka altxa.

Ziur dakidan bakarra da, ekonomiaz ezer jakin gabe, aspaldi konturatu nintzela gure sasoiko kutxa haiek banku bihurtuta zeudela. Agian, horregatik atera nituen, duela sei bat urte edo, nire sos apurrak hogeita hamar urte lehenago irekitako kontu korronte hartatik. Norbaitek lapurretan egin behar badit, behintzat, aurpegira begiratu eta banku bat naiz, eta zuri lapurretan egitera nator diostan bat izan dadila.

Agian, hori da kontu honetan guztian garbi aterako dugun bakarra. Eta agian, orduan bai, berriz eramango ditut bueltan nire sos apurrak zeuden tokira. Bitartean, arteaz eta 8-10 urteko umeek arteaz plazaratzen dituzten iritziez gozatuz jarraitu nahiko nuke.

Ego dixi.

Koloretako ametsak, esna nagoenean…

Argazkia: Amets atzemanezinak
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840 px (3:2)
Sortze data: 2014/06/12
Latitudea: 43º 16,565´ N
Longitudea: 1º 57,244´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Petzval 85mm f/2,2
Distantzia fokala: 85mm
Irekidura: f2,2
Esposizio denbora: 1/160″
Sentikortasun eskala: 100 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Otsailean piztu zen nigan, 36 urte eta gero, kirol apur bat egiteko grina. Arratsaldeak luzeegiak dira bestela, batez ere maite dituzunak zugandik 100 kilometrora daudenean.

Horrelakoetan erronka bat finkatzea komeni dela aholkatuta, 2014ko Behobia jarri nuen begien parean. Are gehiago 2013ko alferrikako saialdiaren ostean. Aurten, bai: txintxo ekingo nion internetetik jaitsi daitezkeen mila entrenamendu-planetako bati. Eta hala hasi nintzen…

Txintxo-txintxo ere ez naiz ibili, gerora, baina bai nahiko formal. Hor daude datuak: 31 entrenamendu eta beste horrenbeste dutxa; 22 ordu, 4 minutu eta 35 segundoko korrikaldi saioak; 210,76 kilometro; erretako 11.544 kaloria…

Egindakoak noraino eman duen jakiteko, baina, ez dago modu objektiborik. Eta azaroa urrutiegi ikusten dut oraindik. Motibazioa ere, aitortu beharra dago, geroz eta armairuko apal altuago batean gordetzen dudala konturatua nago. Erabakiren bat hartu beharrean nengoen. Zirt edo zart!

Eta hartu dut; axolagabea, beharbada, baina hartu dut: igande honetan ospatzekoa den Bizkaia Zubiko I. Maratoi Erdirako eman dut izena.

21,097 kilometro egun bakarrean egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, nire prestakuntza fisikoa duen norbaitentzat behintzat. Eta gehiago 10 kilometrotik gorako korrikaldia behin bakarrik egin duzunean: 12 egin nituen atzoko entrenamenduan. Baina berdin dio.

Ez baitut uste fisikoki prestatua egon behar denik horrelako meta bati ekiteko: gorputzak eskaintzen ez didan indarra, buruak eskainiko didalakoan nago. Ez noa, gainera, amaitzeko asmoarekin. Errazegia litzateke. 2 ordu eta 15 minututik behera bukatzea da helburua. Handinahiegia? Litekeena da, baina neure buruari jarri diodan helburua hori da. Badakit, gainera, nola egingo dudan.

Lasai hartuko dut hasiera eta, dena ondo, 6. kilometrora 00:36ean iritsiko naiz. Lehen anoa-postuan, ur-tragoxka bat hartu eta erritmo bertsuan jarraituko dut. 10. kilometroan, Euskalduna zubira doan aldapa laburrari ekin aurretik patrikan eramango dudan Coca-Cola (bai, Coca-Cola… bukatu baita boikoterako deia, ezta?) itxurako gominola bat jango dut. Eta 12. kilometroan, berriro ura eskainiko digutela probestuz, lehena ondo igaro bada zintzurrean behera, bigarren gominola bat hartuko dut.

12. kilometro horretarako 01:13tik oso urruti ez banago, 3 bat kilometroz patxadaz hartuko dut kontua. Eta bestela, egurra: 15. kilometroan erlojuak 01:34 jartzen duenerako egon behar bainaiz.

Eta 18. kilometroko anoa-postura iritsitakoan, 01:52 jarriko du ordurako erlojuak, azken gominola eta ur-tragoxka hartu, hortzak estutu eta Getxora. 02:11rako helmugan ez banago, 4 minutu ditut barrua husteko.

Lortuz gero, neure buruari erakutsiko diot jarritako helburuak betetzeko gai naizela. Lortzen ez badut, jarritako helburuak lortzeko lan egiten jarraitu behar dela erakutsiko diot neure buruari. Gertatzen dena gertatzen dela, irabazle aterako naiz.

 

P.D.: Bloga erabiltzera behartuta sentitu naiz igandean zertarako hartuko dudan halako lana dudatan hasita nagoelako. Horrela, eta azkenean ez banoa, koldar bat naizela aurpegiratzeko beta emango diot norbaiti.

Ego dixi.

Winter is coming…

Argazkia: Heriotza baten kronika paradisuaren ateetan
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 2048×1320 px (14:9)
Sortze data: 2013/11/04
Latitudea: 43º 16,740´ N
Longitudea: 2º 00,944´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 100mm f/2.8 L Macro IS USM
Distantzia fokala: 100mm
Irekidura: f5,6
Esposizio denbora: 1/160″
Sentikortasun eskala: 100 ISO
Flasha: Metz 58 (40x40ko softbox-arekin)

Alter dixit.

Bost lagun atxilo eraman zituzten, noiz eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bezperatan, 239 zuhaitz landatzeagatik. Auskalo zein epailek, auskalo zein legeri jarraiki, elkartasuna delitua den ala ez erabakiko du. Nik ez dut legerik eskura zuhaitzok errotik kentzea delitua den ala ez epaitzeko; baina nahikoa zait sen on apur bat, gutxienez, astakeria ederra dela aitortzeko.

Winter is coming…

Aske da norbanakoa, bere bizi esperientzian zehar, alderoka ibiltzeko. Bai eta hartzen dituen erabakiak, zuzenak edo ez, aurrez hartuak dituenaren erabat kontrakoak izan daitezen ere. Baina zail egiten zait aurreko egunean Hirugarren Errepublikaren eskean kalera atera den norbait, hurrengo egunean, ondorengotza legearen tramiteak azkar daitezen sutsuki defendatzen ikustea.

Winter is coming…

Espainiar Parlamentuaren %90 goiz bakarrean idatzitako lege organiko baten alde azaltzea, datuei soilik erreparatuz, herri baten borondatearen isla da. Geratzen den %10 hori oso aktiboa da, antza, WhatsApp, Telegram, Twitter edo bestelako sare-sozialak sutan jartzerako orduan, datuei soilik erreparatuz, monarkiari trufa eginez iritsi zaizkidan mezuak kontuan hartuz gero. Edo hori, edo parlamentuaren borondatea ez da herriaren borondatea; hala balitz, larria litzateke.

Winter is coming…

Felipe VI, diotenez, Espainiar Erreinuak sekula izan duen agintaririk trebatuena izango omen da. Txarrena da, aurrekoak ikusita, egia ere izan daitekeela. Egiak aitortzen hasita, erraz hausteko moduko marka da gainditu behar duena. Holakoetan, klasikoetara jotzea dut gogoko: ez dakit gogoan izango duzuen Monty Phyton-en Los Caballeros de la Mesa Cuadrada filma. Bada, bertan, pasarte bat non nekazari anarkista biri zuzentzen zaien bere burua bretoien erregetzat aurkezten duen Arturo. Bietako batek, emakumeak, nik ez nizun botorik eman, bada! erantzuten dio. Zas, en toda la boca! erantsiko nioke nik.

Winter is coming…

Ekainaren 18a, omen, ospakizunetarako jarritako data. Ukiezina den Konstituzioa, dirudienez, tolestu bai egin daiteke komenientzien arabera. Eta besteoi eskatzen zaizkigun tramite guztien beharrizanik gabe, gainera. Ondorio bakarrera narama kontu honek guztiak: beti uste izan dugunaren kontra, ondo eginda daude legeak. Kontua da espektroaren zein aldetan kokatzen den bat. Baina hori, noski, ez da legearen akats bat, kokalekuarekin erlazionatutako akats bat baizik.

Winter is coming…

Aurreko guztiak entzun eta hausnartu ostean, errapeetan metatu zaion letxe txarrak itsututa, Pagasarriko behi bat inguruko jendeari adarkadak eskaintzen hasi zela zioten atzo egunkariek. Ez naiz, inondik inora ere, biolentziaren aldekoa; are gehiago: gaitzetsi egin behar dela iruditzen zait, datorren lekutik datorrela. Baina zilegi bekit, behingoagatik, eta baldin eta soilik baldin delitua ez bada, behiari nire elkartasuna adieraztea.

Winter is coming…

Ego dixi.

Ari, ari, ari… Tokero lehendakari!

Argazkia: 5 kafesne 2A bulegorako
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 2048×1536 px (4:3)
Sortze data: 2014/05/23
Latitudea: 43º 17,657´ N
Longitudea: 1º 59,163´ W
Kamera: ip4s
Objektiboa:
Distantzia fokala: 35mm
Irekidura: f2,4
Esposizio denbora: 1/120″
Sentikortasun eskala: 64 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Argazkia ikusita konturatu naiz, urteen joanarekin, lantokiak aldatu egin direla. Garai batean, fabrika batek eskain zezakeen gune berde bat aisialdirako erabiltzen zen: goiz erdiko ogitartekoaren unea elkarbanatzeko, zigarro bat erretzeko, aurreko eguneko hauteskundeez aritzeko… Gaur egun lantokietan ezin da erre, ogitartekoa ordenagailuaren aurrean jaten dugu edo ez dago astirik hauteskundeez hitz egiteko.

Argazkikoa bezalako gune irekiak, gaur eguneko lantokietan, eraikina diseinatu duen arkitektoak bertan haritz bat jartzeko eta eguzkiak sortzen duen auskalo zein argi-joko islatzeko baino ez daude. Ziurrenik, lorezainak behar duen bertara sartzeko atea ere azken orduko diseinu aldaketa batera mugatuta egongo da.

Ez luke hala behar, baina galdu egin da jada, lantoki gehienetan, zerbaiten parte izatearen sentimendua. Baina herri baten parte izatea, hori bai, hein batean, herri horrek dituen sentimenduak partekatzea ere bada. Sentimenduok (a)politikoak, (a)ekonomikoak, (a)erlijiosoak, (a)kulturalak… izan daitezke, eta baita (a)futbolistikoak ere: hortik aurrerako bakoitzaren hautua, nola ez, norbanakoaren esku dago.

Bizkaitarrok dugun sentimendu indartsuenetako bat, ezin zen bestela izan, Athletic Club taldearen inguruan sortzen dena da. Gugan hain errotua dagoen sentimendu horren berri aitaren eskutik izan zezan, umearen amak, Gernikan ospatzear den Ibilaldia diruz laguntzeko erakutsitako borondateaz probestuz, eman zizkidan 10 euroak hartu eta lau urteko alaba eraman nuen atzo Athleticek Itxas Ganen jokatu zuen partida ikustera.

Goizerako joan da ikastolara, bere laguntxo gehienak bezala, kamiseta zuri-gorria jantzita. Bere laguntxo gehienak ez bezala, hori jada bere hautua izan da, praka motzak eta galtzak ere eraman ditu.

Partida, berez, ez da beste munduko ezer izan, baina bertan egotea zen kontua. Hitz egiten eman dugu denbora: bere galderei erantzuten, batzuetan, eta bere arreta harrapatu nahian, gehienetan. Izan ere, ordu t’erdi luzeko edozein ikuskizun, aukeran, luzetxo egiten zaio adin horretako ume bati.

Baina bazen, atzo, alabari irakatsi nahi nion beste irakaspen bat ere: sentimendu batengatik horrenbeste ematen duen jendeari merezi duen errekonozimendua zor zaiola. Bera baino jokalari hobeak ditu Athleticek, horretan ez da dudarik, baina etxean ondo entseatuta eraman dugu arratsalderako leloa: “Ari, ari, ari… Tokero lehendakari!”.

Jakizue, bada, futbol-zelaira irakasle gisa joatekotan zen gizajo honek lau urteko ume baten eskutik jasotako lezioa dela hona ekarri nahi dudana.

Athleticeko jokalariak berdegunean agertzerako hasi nintzen alabari Tokero nor zen azaltzeko lanetan. Beitu, beitu: han dauena, ulerik eztakona! Hasieran, nahastu samar ere ibili ginen: Mikel Rico (7) zela Tokero (9) iritzita ibili zen denbora luzez. Behin kontua argituta, bedatzi zenbakidxe dakona da Tokero, zergatik animatu behar genuen guk burusoil hura galdetu zidanean, bera dalakon danatatik gehidxen korriten dauena erantzun nion.

Beste kontu batzuetaz aritu ginen gerora, baina ez ziren hamar minutu igaroko, lau urteko umeek ere futbolaz zerbait badakitela konturatu nintzenerako. Aita, aita, geuze bat gutsut esan: 7dxek Tokerok baño gehidxau korriten dau! Abilaue da…

Argi dago: eurotan eragin nahiko genukeen arren, sentimenduak norberarenak dira. Lantoki bateko parte izan edo ez aukeratzen duenak bezala.

Ego dixi.

Erlatibotasunaren teoria

Argazkia: Kosmobisioak edo gauzen erlatibotasuna
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3264×2448 px (4:3)
Sortze data: 2013/07/16
Latitudea: 43º 19,576´ N
Longitudea: 1º 55,202´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 100mm f/2.8 L Macro IS USM
Distantzia fokala: 100mm
Irekidura: f8,0
Esposizio denbora: 1/160″
Sentikortasun eskala: 800 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Harrigarria da gizakiok (edo gizonok, behintzat, gehiago kontrolatzen baititut… eta ez bekit Cañetada bat bezala ulertu) dugun hurbilenekoa bere neurrian ez baloratzeko gaitasuna. Zenbatetan aurkitu gara zerbaiti tamaina egokia aurkitu ezinda, galtzen dugun arte. Eta ez dago atsekabe handiagorik hortaz berandu ohartzea baino…

Egunerokotasunak laino lauso bat hedatzen du noizbait berezia iruditu zitzaigunaren gainean. Dela lekuekin, dela pertsonekin, maizegi gertatu ohi zaigun kontua da.

Deserriak ekartzen dio gogora emigranteari bere sorlekuaren edertasuna, alde egin beharra hautazko arrazoiren bat bitarteko eman denean, bederen. Mandela-k esan omen zuen behin ez dagoela urteetan zehar ezer gutxi aldatu den leku batera bueltatzea bezalakorik, tarte horretan, gu zenbat aldatu garenaz ohartzeko.

Erlazio pertsonalen esparruan ere, ez dago unocincuentako ohe batean bi edo hiru gau jarraian bakarrik lo egitea bezalakorik pertsona bakar batentzat ohe hori handiegia denaz konturatzeko. Gustura egiten da lo bakarrik horrelako oheetan, tarteka, baina eskumako (edo ezkerreko) aldea zeure egin duzunean, handiegia da. Badaude, egon, bakarrik egonagatik ere, ohearen ezkerreko (edo eskumako) aldean lo egiten jarraitzen dutenak ere.

Behin saiatu nintzen, horrelako egoera bati buelta eman nahian, ohearen ezkerreko aldetik sekula joaterik nahiko ez nukeen bati gauza polit bat idazten. Behiaren metafora bertsotara ekartzeko ideia bikaina otu zitzaidan. Beti esan ohi da albokoaren behiaren inbidiatan bizi dela baserritarra, ondokoarenak esne gehiago ematen duela iritzita. Baina inolako datutan oinarritzen ez den ustea izaten da, gehienetan, egia ez izateko arriskuarekin, sarri. Gainera, hala balitz ere, litekeena da gure behia, besterik ezean, bestearena baino politagoa izatea, edo osasuntsuagoa, edo otzanagoa, edo dena delakoa. Baina ez gara gai, askotan, gurea denari duen egiazko balioa aitortzeko.

Ez dago esan beharrik, noski, gaizki atera zela aurretiaz planifikatutakoa. Metafora konplikatuegia zen, antza, bertso bakarrean egoki azaltzeko. Edo neuk ez nuen gaitasunik izan bertsoa taxuz josteko, auskalo, bidali nahi eta iritsi zen mezuaren artean Baionatik Ternuarako distantzia bider bosteko desbideratzea sortu baitzen: zerbait polita esan nahi, eta behi batekin konparatzea da burura etorri zaizuna? Oso ondo, txo, oso ondo…

Ostiraletan konturatzen naiz, etxerantz natorrela, giri andanak pilatzen direla Portuondoko behatokian Urdaibaiko itsasadarraren edertasuna argazki-kameran harrapatzearren. Guk, bertokook, egunerokotasunaren zati bezala hartzen dugu paisaia bukoliko hori. Noizbait, Kanalatik Laidarako zubia noiz kristo eraikiko duten ere galdetzen diogu geure buruei, markoak edertasunean galduko lukeela badakigun arren. Horrelakoak ditu erosotasunak. Eta arriskutsua da, batzuetan, erosotasunean ainguratuta bizitzea.

Argazkiak islatu nahi duenak ekarri dit gogora zeinen garrantzitsua den gauzak perspektiba desberdinetatik begiratzen jakitea. Gauza bera, segun eta nondik, eta nola, begiratu oso bestelakoa izan daiteke: ederragoa edo dekadenteagoa, koloretsuagoa edo enfokatuagoa… Baina beti begi berdinekin begiratzeak, eta gehienok bi baino ez ditugu, beti berdin begiratzen jarraitzeko arriskua du berekin.

Ego dixi.

Ultraheroia

Argazkia: Ultraheroia
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 2448×3264 px (3:4)
Sortze data: 2014/05/05
Latitudea: 43º 04,716´ N
Longitudea: 1º 54,862´ W
Kamera: ip4s
Objektiboa:
Distantzia fokala: 35mm
Irekidura: f2,4
Esposizio denbora: 1/258″
Sentikortasun eskala: 50 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Ez naiz sekula surfean aritu. Ez naiz, ezta ere, surfzale amorratua. Baina Mundakan bizitzeko aukera izan nuen garaian zaletu zintzen ni surfera. Ez, beharbada, surfera zentzu hertsian, baina bai urri bueltan herria eraldatzeko gaitasuna zuen munduko surflari onenek jokatzen zuten ASP World Tour-eko Billabong Pro lehiaketara.

Argazki-kamera hartu eta Talara joaten nintzen surfeko Messi eta Ronaldoak ikustera. Baina kirol jardueraz haratago, bertan bizi zen giroa zen deigarriena. Barriola bera ere ez dut nik lasai irudikatzen koadrilako baten despedidan: ziur nago lau lagunek, gutxienez, geratuko dutela edozer esateko. Horregatik egiten zitzaien hain deigarri Kelly Slater edo Andy Irons bati herriko edozein terrazatan garagardo bat konpainia onean lasai asko hartzeko beta izatea. Mundu mailan, idoloak dira (edo ziren); Mundakako egunerokotasunean, kanpotar surflari bat gehiago.

Joan den astean Gara egunkarian surflari ernegatu batek argitaratutako artikulu baten harira oroitu nintzen Andytaz. 2010ean dengeak jota hil zen; edo hori zen, nik behintzat, hartaz izan nuen azken berria. Tipo maitatua zen Mundakan, agian Kelly baino gehiago, txapelketa egunetan herrian zebilen faunaren artean txapeldun handiak bat gehiago izateko zuen gaitasunagatik. Ikaragarri poztu nintzen 2002koan garaile irten eta portuko uretara jaurti zutenean. Polita da komuneko bidean gurutzatu eta congratulations, Andy bati eskerrik asko erantzuten dion tipoak irabaztea.

Gogoan dut, adibidez, eta erabat baieztatuko duen inor aurkitu izan ez badut ere, urte horretan zabaldu zen pasadizoa. Diotenez, txapeldun irten zeneko gau hartan, berak ere apur bat ospatu ostean, lo hartzen zuen hotelera zuzendu zen. Bere gelara igo aurretik, 500 euroko billete bat utzi zuen hoteleko tabernako barra gainean eta parranda jarraitu zuten bere ezagunei eta tabernan zeuden gainontzekoei nahi zutena ateratzeko agindua utzi zion barran zebilenari.

Artikulua, ordea, surfaren munduan antidopin kontrolak egiten hastekotan zirenaren harira idatzita zegoen, eta hor irakurri nuen, dengeak barik, droga gaindosi batek eraman zuela Andy. Urte asko zeramatzan arazo horrekin, antza.

Pertsona baten kalitatea ez du neurtzen bere hiletara doan jende kopuruak. Andyrenaren antzeko iragan bat bizi izan zuen hurbileko senide bat hil zitzaigunean konturatu nintzen, gaur egun, badaudela gizartearekin batera eboluzionatu duten abadeak, gurean.

Ez naiz elizara joatearen oso zalea, derrigorrezko kontu bat ez bada tarteko. Horrexegatik, agian, egoten naiz arreta gehiagoz liturgia kontuetan dabilenean baino gai askean hasten den unearen zain. Erraza da joan dena zeinen ona izan zenaren inguruko diskurtso polita egitea. Abadeak baina, egun hartan, bide errazetik aldenduz, perla bikain bi bota zituen.

Lehenengoa, estandarretatik alderatzen den pertsona bat patroi estandarrak jarraituz epaitzea akats bat dela, normaltasunean bizi garenok ez baikara inor lan horietan hasteko. Bigarrena, normalean mezatara joaten ez den jendea elizara ekartzeko gaitasuna duenak, zerbait ondo egin izango zuela bizi izan zen artean.

Horrelako abade gehiago bagenitu, maizago zapalduko nuke Jaungoikoaren Etxea… Edo frontoia, Abel bezalako txapeldun handiak txalotzeko…

Ego dixi.

This is the end…

Argazkia: Egunaren iluntasunean
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 2048×1536 px (4:3)
Sortze data: 2014/02/13
Latitudea: 43º 18,224´ N
Longitudea: 1º 59,490´ W
Kamera: ip4s
Objektiboa:
Distantzia fokala: 35mm
Irekidura: f2,4
Esposizio denbora: 1/60″
Sentikortasun eskala: 50 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Lan kontuek, lehengo baten, eraman ninduten Aieteko jauregira. Sekula bertan, aurretiaz, egon gabea nintzen. Harritzekoa iruditu zitzaidan, azken boladan behintzat, horrenbeste zeresan eman duen lekua zeinen ezezaguna zen niretzat.

Gehien, egoitzetako bakoitzak duen bolumenak harritu ninduen. Pentsatzekoa da, hortaz, handitasun horren ezaugarrietako bat izango dela bertan ematen diren pausu txikiek, txikiak izanagatik, denborarekin handitasunean irabazten dutela.

Bake-prozesuak egosten diren lekuetan jabetzen gara berradiskidetzearen garrantziaz. Niri, guztiz itxi gabe utzitako kontutxo batean, neure bidea egiteke nuela gogorarazi zidan.

Ittoqqortoormiit-en hasi zen dena, azukrea eta sakarinaren arteko txantxa batekin. Sevillan eman genion jarraipena, izan zitekeen baina, azkenean, izan ez zen gaizki-ulertu batekin. Azken pasartea, aldiz, Rachel-ek idatzitako gutun baten bitartez iritsi zen.

Nik, baina, egoera onera ekartzeko ardura nire gain hartu nahi nuen. Gutunaren lekuan, teknologia berriak erabili nahi nituen xede horretarako. Eta zer hobe modan jarri diren meme-etaz baliatzea baino, pentsatu nuen.

Azkar prestatu nuen nirea, eta baita bidali ere. Azkar erantzun zidan Rachel-ek, jokoa beti bere esparrura eramateko berezko duen gaitasunaz baliatuz. Kate osoa uzten dizuet hemen:

001 002 003 004 005 006 007 008 009 010

Beste behin, eta horretan arrazoi du, ez nituen indarrak ondo neurtu…

Ego dixi.

Ez zinen agertu

Argazkia: Arratseko argi lausoa
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840 px (3:2)
Sortze data: 2014/03/17
Latitudea: 43º 16,740´ N
Longitudea: 2º 00,944´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon 50mm f/1.2 L
Distantzia fokala: 50mm
Irekidura: f5,6
Esposizio denbora: 1/250″
Sentikortasun eskala: 800 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Galdutako aukerak, mahaia, aulkia;
joan zaizkigun trenak, pena, errukia…
Paper zuria, ni, bolaluma,
aitortu gabeko maitasuna,
argia eta iluntasuna…

Ez zinen hitzordura agertu,
hain geunden hurbil, hain gertu…
zu, ordea, ez zinen agertu.

Ederra da Sevilla, diote, euritan;
gu, hala ere, banatu egin gaitu, bitan.
Bi izan gura, gau hartan, batak,
gudarako prest zeuden ezpatak:
ametsa eraman du enbatak…

Ez zinen hitzordura agertu,
hain geunden hurbil, hain gertu…
zuk, baina, ez zenuen ulertu.

Zain eduki ninduzun, biluzik, luzaro,
nigana noiz iritsi, artega, arraro…
Zain eduki ninduzun, gerora,
“ez dator, baina etorriko da”
nire portuaren abarora.

Ez zinen hitzordura agertu,
hain geunden hurbil, hain gertu…
azkenerako, dena okertu.

Esan ez denak ekarri ohi du damua,
egin ez zena da, aldiz, nire mamua…
Sexuak behar zuen nagusi,
haren lekuan, zenbat aharrausi…
eta bidean, bihotza hautsi.

Ez zinen hitzordura agertu,
hain geunden hurbil, hain gertu…
hurrengoan, txo, indarrak neurtu.

Nik, besterik ezean, papera bete dut.
Nori zuzendua den? Hori, ikusi zuk…
Bihotzean daukat ubeldua,
baina dena ez dago galdua:
hankartean dago ukendua.

Ez zinen hitzordura agertu,
hain geunden hurbil, hain gertu…
beste batean, amari deitu.

Ego dixi.

Bisitak orain arte:

Un porrón de visitas

ALTER ETA EGO 2.0:

Ego sum:

Egok kontenplaziozko bizitza maite du. Bizimodua hortik atera nahiko luke baina, momentuz, ezin du. Hala ere, lasai bizi da, denbora bere alde baitu. Barrukoa askatzeko idazten du.

Alter sunt:

Mr. Chopski psikoanalista da, ogibidez. Errealitatea behatu, interpretatu eta aztertu egiten du, hausnarketarako bideak irekiz. Behatzaile pasiboa da.

Mr. Kaplan trilero bat da, artista bat. Errealitatea desitxuratu, eraldatu eta manipulatu egiten du, begizta gorri eta guzti eskaintzen digularik. Friki aktiboa da.

Artxiboa: