Irakurtzen ari zara...
Uncategorized

Ai, geure Dolosti…

Argazkia: Dolosti
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3586×1536 px (7:3)
Sortze data: 2014/07/09
Latitudea: 43º 19,710´ N
Longitudea: 1º 58,303´ W
Kamera: ip4s
Objektiboa:
Distantzia fokala: 35mm
Irekidura: f2,4
Esposizio denbora: 1/2900″
Sentikortasun eskala: 50 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Kontu ezaguna da Carmen Collares Donostiara agertzen zen bakoitzean herriko bitxitegiek euren ateak ixten zituztela. Maite zutelako ematen zizkiotela dendari haiek oparitan sinetsita hilko zen bera, ziurrenik, baina guk badakigu erregimenaren esku beltza zegoela kontu haren guztiaren atzean. Dendari gizajoek kalte-ordainetarako funts bat ere bazuten, gaur ez zait niri tokatu baina agian hurrengoan bai pentsatuta.

Baina bada, Donostiak urteen joanean izan dituen bisitari ospetsuen artean, Carmenen patroi beretik egindako beste bat ere, haren egonaldiak horrenbesteko sona izan ez duen arren: Heinrich Himmler. Urrian beteko dira 74 urte egun hartatik, zenbait komunikabidek egunotan gogora ekarri duten bezala. Horren harira otu zait, ezkutuan gehiago gorde ezinda, garai hartako pasarte bat argitara ekartzea.

Lagun dut Igeldoko egungo farozaina, eta sarritan joan natzaio bisitan, ilunabarraz gozatzeko aitzakian, itsasargiko linternara igo eta, patxadan, gintonik bana hartzeko, bide batez. Duela pare bat urte egin zidan gonbiteak, baina, hasiera-hasieratik zuen desberdina izango zenaren tankera, hitzordua adosteko deia jaso nuen une beretik.

Farozainen lanak, kanpotik begiratuta antzeman dakiokeen puntu bukoliko eta mistikoaz haratago, eraikinaren mantenuaz arduratzea ere hartzen du bere baitan. Eta egun hartan, kortesiazko agurren ondotik, zuzenean eraman ninduen linternara igotzeko bide bakarra diren eskaileretan gora. Biderdian edo, erdi solte ageri zen hormako harri bat mugitu zuen, nire harridurarako.

Schutzstaffel-etako (SS) komandantea eta azken soluzioaren ideologoa izan zen Heinrich Himmlerrek 1940ko urrian bisitatu zuen, dakigula behintzat, itsasargia. Hitlerrek eta Francok Hendaian ospatu behar zuten bileraren segurtasunaren arduraduna zen, eta zenbait egun lehenagotik ibili zen lurralde hauetan, suposatzekoa den moduan, bertokoen loreak jasotzeaz gain, bidea urratzeko.

Badirudi, bisitaldian zehar, garai hartako farozaina zenaren alaba ezagutu zuela. Eta ez hori bakarrik, atentzioa ere eman zion neska koskor hark, hari zuzendutako gutunak baitziren harriaren atzean ezkutatzen zirenak.

Egun hartan, salbuespen bat eginez, gintonik gabe geratu ginen, ingelesez idatzitako gutunak aztertzen ilunabarrak ere ihes egin zigularik; Google-en egindako kontaezinezko bilaketengatik ordeztu genuen. Ez zirudien bien artean beste munduko ezer gertatu zenik: gutun bidez soilik eraiki daitekeen erdi ezkutuko maitasun baten zantzuak antzematen ziren nonahi. Zure Heini bezala agurtzen zitzaion lauretan, Nazi Alderdiko 42.404 kidea notatxoa jarriz sinaduraren azpian.

Aurkikuntza hura, auskalo zergatik, isilpean mantentzea erabaki genuen. Gaurkoan, auskalo zergatik, ituna hautsi dudan arte. Berak, itunaren beste partea behintzat, ondo bete zuen: gutunak bere horretan utzi eta, porlan apur baten laguntzarekin, solte zegoen harria beste urte andana baterako ondo itsatsi zuen hormara. Beste kontu bat da gutunekin batera zegoen egurrezko edalontziarekin egin genuena.

Bizi zen artean ongi jagon zezan eskatu zion Heinik gutunen hartzaileari. Niri, gustatu egin zitzaidan eta ea oroigarri gisa eraman nezakeen galdetu nion; berak baietz. Gerora jakin izan dut 1940ko urri hartan Montserrat ere bisitatu zuela Himmlerrek, Grial Santua delakoaren inguruko kontu batzuk tarteko.

Kontatu dudana kontatu arren, edalontzia non dagoen ez dut sekula aitortuko, Himmlerrek neskato hari luzatu zion eskaria niregain hartuz. Hori bai, egarria sortzen dit historia kontuak aipatzeak: banoa ur-tragoxka bat hartzera…

Ego dixi.

Advertisements

Eztabaida

Erantzunik ez oraindik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

Bisitak orain arte:

Un porrón de visitas

ALTER ETA EGO 2.0:

Ego sum:

Egok kontenplaziozko bizitza maite du. Bizimodua hortik atera nahiko luke baina, momentuz, ezin du. Hala ere, lasai bizi da, denbora bere alde baitu. Barrukoa askatzeko idazten du.

Alter sunt:

Mr. Chopski psikoanalista da, ogibidez. Errealitatea behatu, interpretatu eta aztertu egiten du, hausnarketarako bideak irekiz. Behatzaile pasiboa da.

Mr. Kaplan trilero bat da, artista bat. Errealitatea desitxuratu, eraldatu eta manipulatu egiten du, begizta gorri eta guzti eskaintzen digularik. Friki aktiboa da.

Artxiboa: